Inbertsioetarako laguntzak
EAEko erakundeek laguntza ugari ematen dituzte industriaren garapena sustatzeko. Adibide batzuk: inbertsioei laguntza ematea aurrerakin itzulgarrien bidez; interes baxuko maileguak, ordaintzeko baldintza onekin; errentamendu-kontratu onuragarriak kokaleku jakin batzuetan; pizgarri fiskalak; lanbide-heziketa; enplegua sortzeko enpresei laguntza ematea; I+G-ko proiektuak egiteko diru-laguntzak; enpresak teknologia-parkeetan finkatzea, etab.
Laguntza horiek erakunde desberdinek ematen dituzte: Europar Batasunak, Espainiako Estatuak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; ondorioz, programak ugariak bezain aberatsak dira. DELFOSen datu-basea kontsultatzea dago, web-orri honetan: www.euskadi.net eta www.spri.net. SPRIk (EAEko enpresak sustatzeko sozietateak) kasu bakoitzean zein programa aplikatu behar den ebaluatzen laguntzen du, erakunde bakoitzaren araudiaren arabera. Informazio gehiago eskuratzeko: info@spri.es.
[eraman gora]
Sozietateen eraketa
EAEn 5.000 inguru merkataritza-sozietate eratzen dira urtean. Gehienak ere sozietate tradizionalak dira, erantzukizun mugatuko sozietateen forma juridikoa hartzen dutelako, baina gero eta gehiago dira ekonomia sozialarekin zerikusia duten forma juridikoak (kooperatibak eta lan-sozietateak) hartzen dituztenak. Halakoetan giza faktorea nagusitzen da kapitalaren gainetik, eta bazkide-langile askoren auto-enplegua bultzatzen da. Era honetako sozietateetan kezka hauek izaten dituzte: enpresen erantzukizun soziala, iraunkortasuna, ingurumena, langileak eta interes-taldeak errespetatzea, etab. Erakundeek enpresen erantzukizun sozialean (EES) oinarritutako ereduak ezartzeko laguntzak ematen dituzte, ardatz estrategiko berritzat hartu baitute hori (Xertatu:adi programak).[eraman gora]
Merkataritza arloko legeria
EAEn sozietate bat eratzeko bete beharreko merkataritza arloko legeria Espainiako Estatu osoan dagoen berbera da, salbuespen batekin, kooperatiba-enpresek legeria berezia daukate-eta. Hala, bi eratako sozietateak eratu daitezke: zibilak eta merkataritza-sozietateak.
Sozietate zibilak (ondasun-erkidegoak) Kode Zibilaren arabera arautzen dira (392-406 eta 1.655-1.708 artikuluak), ez dute berezko lege-nortasunik eta bazkideek (bi gutxienez) beren ondasunekin erantzuten diete sozietatearen zorrei. Hori dela eta, halakoak gero eta bakanagoak dira.
Merkataritza-sozietateak honela sailkatzen dira, bazkideen erantzukizun-mailaren arabera:
1. Erantzukizun mugagabekoak = sozietate erregular kolektiboak
2. Erantzukizun mugagabekoak = sozietate erregular kolektiboak
3. Ekarpenen arabera mugatutako erantzukizunekoak:
a. Sozietate mugatuak
b. Sozietate anonimoak
c. Lan-sozietateak (mugatuak nahiz anonimoak)
d. Kooperatiba-sozietateak
Erantzukizun mugagabeko eta mistoko sozietateak oso gutxi erabiltzen dira.
Sozietate mugatuak eratzeko (2/1995 Legea, martxoaren 23koa), eskritura publikoa aurkeztu behar da notarioan eta Merkataritza Erregistroan inskribatu behar da. 3.000 €-ko kapitala osatu behar da gutxienez, eta ez dago mugarik bazkide kopuruan. Bazkideen Batzar Nagusiak eta administratzaile bakarrak, edo zenbait administratzailek, edo Administrazio Kontseilu batek zuzentzen dute sozietatea. Sozietateen gaineko Zergako tasa orokorraren arabera ordaintzen dituzte zergak.
Sozietate anonimoak eratzeko (1564/1989 Legea, uztailaren 25ekoa), eskritura publikoa aurkeztu behar da notarioan eta Merkataritza Erregistroan inskribatu behar da. 60.000 €-ko kapitala osatu behar da gutxienez, eta ez dago mugarik bazkide kopuruan. Bazkideen Batzar Nagusiak eta administratzaile bakarrak, edo zenbait administratzailek, edo Administrazio Kontseilu batek zuzentzen dute sozietatea. Sozietateen gaineko Zergako tasa orokorraren arabera ordaintzen dituzte zergak.
Lan-sozietateak (mugatuak nahiz anonimoak) eratzeko (4/1997 Legea, martxoaren 24koa), eskritura publikoa aurkeztu behar da notarioan eta Merkataritza Erregistroan inskribatu behar da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Sozietateen Erregistroan ere. 3.000 €-ko edo 60.000 €-ko kapitala osatu behar da gutxienez (mugatua edo anonimoa den arabera), eta hiru bazkide izan behar ditu gutxienez. Bazkide horietako bakoitzak ezin du sozietatearen kapitalaren herena baino gehiagoren titularra izan. Gainera, kapitalaren gehiengoak kontratu mugagabeko bazkide-langileen jabetzakoa izan behar du. Zerga-salbuespen batzuk ditu (Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan), eta ekonomia sozialeko enpresentzako laguntza bereziak eskatzea dauka. Gainerako guztian, sozietate mugatu nahiz anonimoen legeria bete behar du.
Kooperatiba-sozietateak eratzeko (4/1993 Legea, ekainaren 24koa), eskritura publikoa aurkeztu behar da notarioan eta EAEko Kooperatiben Erregistroan inskribatu behar da. 3.000 €-ko kapitala osatu behar da gutxienez, eta hiru bazkide izan behar ditu gutxienez. Bazkide-langileek gehiengoa izan behar dute. Batzar Nagusiak eta administratzaile bakarrak edo Zuzendaritza Kontseiluak zuzentzen dituzte halako sozietateak. Zerga-salbuespen batzuk ditu (Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan), tasa berezi askoz ere murritzago baten arabera ordaintzen du Sozietateen gaineko Zerga, eta ekonomia sozialeko enpresentzako laguntza bereziak eskatzea dauka.
[eraman gora]
|
Ekonomia sozialeko enpresak
Lan-sozietateak eta kooperatibak sartzen dira ekonomia sozialeko enpresen multzoan. Hauek dira era horretako enpresen printzipio nagusiak:
- erabaki-prozesu demokratikoak dituzte, “pertsona bat = boto bat”, printzipio kooperatiboari jarraiki. Askorentzat horixe da printzipio garrantzitsuena, erabakitzeko ahalmena demokratizatzen duelako, sektore pribatu kapitalistan egiten dutenaz bestela, han “akzio bat = boto bat” araua betetzen baita.
- pertsonek eta lanak nagusitasuna dute kapitalaren gainetik, zereginak banatzean. Irabaziak banatzeko bestelako logika dakar horrek, sozietatearen kapitalean parte-hartzearekin zerikusirik ez duena, eta kontra ere badagoena, ondorengo irizpide hauek erakusten dutenez: kooperatiben itzulkinaren printzipioa, ondare kolektiboen eraketa, kapitalera mugatutako ordain-sariak edota irabaziak ez banatzeko araua,
- irabazi-asmoa izan beharrean, kideei edo komunitate osoari zerbitzatu nahi zaio. Sozietate hauek egindako jarduera ekonomikoaren helburua pertsonei zerbitzu bat ematea da, ez irabazi bat lortzea. Irabaziak egon daitezke, noski, baina sozietatearen azken helburua lortzeko, hots, zerbitzu bat emateko, bitarteko bat besterik ez lirateke izango eta
- autonomia kudeaketan. Printzipio horrek esparru publikoko erakundeetatik bereizten ditu bereziki.
Industria-jarduerak dira ekonomia sozialeko enpresetan jende gehien enplegatzen dutenak. Zerbitzuak, eraikuntza eta nekazaritza datoz ondoren, hurrenez hurren. EAEn guztira 68.108 langile dira kooperatibetako kideak, eta 2.500dik gora kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketan parte hartzen dute.
EAEko ekonomia sozialaren enplegu-maila batez bestekoaren gainetik dago, eta zenbait eskualdetan, Gipuzkoan bereziki, horixe da enpresa-formula nagusia. Mondragón Corporación Cooperativa (MCC) da gure kooperatiben arteko handiena: EAEko enpresa-talde garrantzitsuena da, eta Espainiako Estatuko talderik dibertsifikatuena.
54.500 langilek egiten dute lan EAEko kooperatibetan, honela banatuta: EAEko Kooperatiben Konfederazioa (675 enpresa, sei federaziotan banatuta); ERKIDEn lan elkartukoak daude (511 enpresa eta 33.152 langile, horietako 23.134 bazkideak); kreditu-kooperatibak (2 enpresa, 452 bulego eta 2.525 langile); irakaskuntzakoak (76 kooperatiba, 5.142 langile, 4.100dik gora irakasle eta 54.400 ikasle baino gehiago); Nekazaritzako Kooperatiben Federazioa (71 enpresa eta 621 langile); garraio-kooperatibak (6 enpresa eta 650 langile, horietako 581 bazkideak); eta Kontsumo Kooperatiben Federazioa, azkenik (9 enpresa eta 10.233 langile, horietatik 7.680 bazkideak). Kooperatiba-enpresa horiek guztiek 10.460 milioi euro inguruko fakturazioa sortzen dute guztira. EAEko kooperatibetako bazkideen %95 inguru hartzen ditu konfederazioak.
Lan-sozietate anonimoak, azkenik, oso hedatuta daude EAEn, industria-sektorean bereziki. ASLE (EAEko Lan Sozietate Anonimoen Elkartea) osatzen duten 300 enpresek 9.000 bazkide-langile enplegatzen dituzte, Espainiako Estatu osoan era honetako sozietateetan diharduten langile guztien %16. [eraman gora]
|