|
EAEk bere natur ingurunea ederki zaintzea lortu du, eta horrek nazioarteko onespena ekarri dio. Bestalde, gure erkidegoan oso bizi-maila ona daukagu, osasunari, hezkuntzari, etxebizitzari, aisialdiari, kirolari eta abarri dagokienez, eta, hortaz, bizitzeko leku ederra da gurea. 10.000 biztanletik gorako 40 udalerri daude EAEn, txaletekin hasi eta azken aldian eraikitako familia bakarreko etxebizitzak arteko bizilekuez osatutako etxebizitza-parke zabala daukagu. 2003an, “Espainiako hiri osasungarriena” saria eskuratu zuen Bilbok, Pfizer Fundazioaren urteroko biltzarrean. Bertan azpimarratu zenez, bilbotarrak dira beren hiriarekin poztasun.-maila handiena dutenak.
EAEko delitu kopuruak ez du ia gorabeherarik izan joan deneko hamar urtean: 55 puntu inguruan egon da (1.000 biztanleko hasitako eginbideak). Espainiako Estatuko delinkuentzia-mailaren oso azpitik gaude, beraz (95 puntu, 2006an).
EAEn izen handiko nazioarteko ikastetxeak dauzkagu, esate baterako: Bilboko Amerikar Eskola (Delaware estatuan erregistratua), Bilboko Alemaniar Ikastetxea, Bilboko Frantses Ikastetxea, Irlandar Ahizpen Eskola (Mary Ward), Saint Patrick ikastetxea, Saint George ikastetxea, etab. [eraman gora]
Osasun-Zerbitzuak
Osasun-zerbitzu publikoak Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu, Osakidetzaren bitartez. Adituen arabera, Espainiako Estatu osoko osasun-arreta onena daukagu: 2007an aurrekontuaren %32 bideratu zen osasunera, medikuntza prebentiboan inoizko ahaleginik handiena eginez. Euskadi Informazioaren Gizartean proiektuarekin asko aurreratuko dugu, osasun-txartel elektronikoa zabalduko baita, teknologia berriak zuzenean gaixoen mesedetan erabiltzeko. Bizi-itxaropena Europako bataz bestekoa baino apur bat handiagoa da eta, bestetik, ebakuntzak egiteko itxaron-zerrendak 20 egunen azpitik dago. Eustaten datuen arabera (2005), alor desberdinez (emakumeez, adinekoez, ezinduez…) arduratzen diren gizarte-laguntzarako 2.000 zentro baino gehiago dauzkagu, ospitalez kanpoko 444 zentro eta 45 ospitale. Zentro horietan 20.000tik gora langilek egiten dute lan: 15.423 osasun-arloko profesionalak dira, eta horietatik 4.284, medikuak. [eraman gora]
Kultura eta ohiturak
Euskaldunok lotura estua dugu gure natur ingurunearekin: itsasoak eta lurrak nortasun eta izaera berezia eman digute, gure ohituretan, kulturan eta herri-kiroletan ikusten denez. Kirol horietako batzuek gure mugak gainditu dituzte, euskal pilotak, adibidez: Manilako eta Miamiko jai-alai frontoiak eta tamalez desagertua den La Habanakoa dira horren eredu. Herri-kirolekin jarraituz, idi-probak eta harri-jasotzaileak, aizkolariak eta traineruen estropadak nabarmentzen dira. Musikaren alorrean, abesbatzak eta koruak oso hedatuta daude gurean, eta, horiekin batera, bi orkestra sinfoniko ditugu EAEn. Orkestra horien kontzertuetan entzute handiko musikariek jotzen dute askotan. Ez ditugu ahaztu zinema, opera, jazza, etab.
Dantzak ere bizi-bizi jarraitzen du euskal gizartean, gure nortasunaren ezaugarria baita. Gure dantzetan eguneroko lanak, adeitasunak eta maitasunak irudikatzen dira, bere kultura eta folklorea grina handiz gorde dituen herri honen izaera definituz. Nazioarteko entzutea duten artista ugari dauzkagu, sentsibilitate horren erakusgarri: Ainhoa Arteta, Igor Yebra eta Lucía Lacarra, esate baterako. 2007ko Vienako Urte Berriko Kontzertuko lehen dantzaria izan zen Lacarra. Bestalde, bitxi historiko erakargarri ugari daukagu: Erdi Aroko trikuharriak, haitzuloetako margoak eta cromlechak eta eliza gotiko, erromaniko eta Ernazimendukoak. Kultur azpiegiturak etengabe berritzen ari gara: Frank Gheryren diseinu abangoardista bati jarraiki eraikitako Bilbao Guggenheim Museoa, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren egoitza bezala erabiltzen den Kursaal jauregia eta Gasteizko Artium Museoa horren adibide dira, besteak beste. Sorkuntzaren alorrean ondoko hauek nabarmentzen dira: Samaniego, Pío Baroja, Miguel de Unamuno, Blas de Otero, Gabriel Aresti, Ignacio Aldekoa, eta, oraintsu, Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Lucía Etxebarria eta Espido Freire idazleak; Zuloaga, Zubiaurre anaiak eta José María Urcelay pintoreak;, Maurice Ravel, Usandizaga, Arriaga, Iradier eta Guridi musikariak eta Chillida, Oteiza eta Basterretxea artista garaikideak, esate baterako. [eraman gora]
|
Turismoa
EAEk hamaika aukera turistiko eskaintzen du. Udan turista asko etortzen zaizkigu euskal kostaldera eta EAEko hiriburuetara, bertako kultur altxorrak ikustera. Gure natur ingurunean, eskaintza zabal bezain erakargarria daukagu: 6 parke natural, biosferaren erreserba bat, 4 biotopo babestu eta neurri desberdinetako 44 hondartza, gure 250 km-ko itsasertzean. 2007ko irailean, 317 landetxe zeuden EAEn, 3.540 plazarekin; 401 hotel, 24.115 plazarekin, eta 21 kanpin, 8.120 plazarekin. 3.900tik gora jatetxe dauzkagu, eta gure sukaldaritza ezin goxoagoa ezaguna da, mundu osoko sukaldari handi eta ospetsuen erreferentzia izanik. Arzaken, Subijanaren eta Martin Berasategiren jatetxeek, adibidez, hiruna Michelin izar dauzkate. Bestalde, hedabideetan izugarrizko oihartzuna duen Argiñano daukagu; eta, azkenik, azken belaunaldiko sukaldariak daude, Canales, Aitor Elizegi eta Andoni Luis Aduriz, esate baterako.[eraman gora]
Aisialdia eta Kirolak
Nahi beste kirol egiteko aukera daukagu gure erkidegoan, adibidez: mendia, txangoak, eskalada, delta-hegaldiak, motorrik gabeko hegaldiak, surfa, bela, igeriketa, golfa, tenisa, eskubaloia, errugbia, futbola, saskibaloia, etab. 6.500dik gora kirol-elkarte eta -klub daude EAEn, 3.218 kirol-instalazio, 318 tenis-pista, 12 golf-zelai, 17 kirol-portu, 3.800 amarra-leku ingururekin, etab. Munduko Surf Txapelketaren egoitzetako bat da Mundaka (Billabong Pro), urtero-urtero. Mendian Juanito Oiartzabal, Alberto Iñurrategi eta Edurne Pasaban nabarmentzen dira: munduan zortzi milako igoera gehien (21) egin dituen mendizalea da Oiartzabal, Lurreko hamalau tontorrak igo dituen mendizale gutxietakoa da Iñurrategi, eta munduan zortzi milako gehien igo dituen bigarren emakumea da Pasaban. Euskal pilota gure tradizio errotuenetakoa da, bere modalitate desberdinekin: esku-pilota, pala, erremontea, xistera, trinketa, xarea... Txirrindularitzan, Euskaltel-Euskadi izenez nazioarteko pelotoian dabilen txirrindulari taldea dago, eta txirrindulari ospetsuak ere badira, esate baterako: Haimar Zubeldia, Igor Antón, Samuel Sánchez eta Mikel Astarloza. Txirrindularitzako munduko txapeldunak ere badauzkagu: Igor Astarloa (ibilbideko txirrindularitzako munduko txapelduna 2003an), Abraham Olano (ibilbideko txirrindularitzako munduko txapelduna, 1995ean eta 1998an) eta Joane Somarriba (Italiako bi Giro, Frantziako hiru Tour eta, 2003an, munduko txapelduna, erlojupeko modalitatean).[eraman gora]
|