|
Lan-esku produktiboaren prestakuntza ona da EAEko enpresa-sarearen ezaugarri indartsuenetakoa, eta pertsonak trebatzea, berriz, politika publikoen lehentasunetako bat. EAE da azken hamar urteotan hezkuntza-sistema utzi duten pertsonen artean goi-mailako tituludun portzentajerik handiena duen erkidegoa, Espainiako batez bestekoaren oso gainetik.
Hezkuntza derrigorrezkoa da 5-16 urte bitartekoentzat. Hamasei urteak bete ondoren lanbide bat ikasi edo unibertsitatera joan nahi dutenentzat ere eskaintza zabala daukagu, eta lanbide-heziketak pisu handia du gurean. Horrez gain, EAEn nazioarteko ikastetxe ugari dago (ikus Bizi-kalitateari buruzko atala). [eraman gora]
Unibertsitateak
Goi Mailako Ikasketak: EAEn 4 unibertsitate daude: 25 fakultate edo eskola, goi-mailako 5 eskola tekniko eta 22 unibertsitate-ikastegi, publiko zein pribatuak. 70.000 ikasletik gora dabiltza unibertsitatean ikasten, EAEn dugun espezialitate eskaintza zabalean. Epe luzeko nahiz ertaineko ikasketak egin daitezke gurean, gizarte aurreratuen eta enpresa modernoen beharrei ederki erantzuteko egokituta dauden EAEko unibertsitateetan.
- Euskal Herriko Unibertsitatea:
Bilboko Unibertsitatearen (1936) ondorengoa da, titulartasun publikoa du, eta Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ditu kanpusak. Ikasketa asko egin daitezke: medikuntza, zientziak, arte ederrak, zuzenbidea, ekonomia- eta enpresa-zientziak, industria-ingeniaritza…
- Mondragon Unibertsitatea:
Unibertsitate pribatu hau 1943an hasi zen eskolak ematen. Mondragon Corporación Cooperativa (MCC) industria-taldearen baitan kokatuta dago, eta kooperatiba-erregimena duen Europako lehen unibertsitatea da. Hiru fakultate edo campus ditu: Goi Mailako Eskola Politeknikoa, Enpresa Zientzien Fakultatea eta Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Horrez gain, bi ikerketa-zentro ere ditu: Ikerlan eta Ideko. ISO 9001 kalitate ziurtagiria lortu zuen Estatuko lehen unibertsitatea izan zen (1995ean). [eraman gora]
|
- Deustuko Unibertsitatea:
Pribatua da eta Jesusen Konpainia ordena erlijiosoak zuzentzen du. Bilbon, Donostian eta Gasteizen ditu campusak. Diplomaturak, lizentziaturak, gradu-ondokoak eta hirugarren zikloko ikasketak egin daitezke bertan. Zuzenbide fakultatea izan da, betidanik, unibertsitate horren eskaintzen arteko ezagunena; bertatik atera dira Estatu osoko legegile eta legelari asko. “La Comercial” izenaz ezagutzen den Enpresa fakultatea ere oso ezaguna da.
- Nafarroako Unibertsitatea:
Industria Ingeniaritza, Materialen Ingeniaritza, Automatika eta Ingeniaritza Elektronikoa, eta Industria Antolaketarako Ingeniaritza irakasten dira unibertsitate honetako Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolan. Ingeniaritzaz gain, Idazkaritzako eta Goi Mailako Institutua dago. Donostian daude bi campusak. [eraman gora]
|