|
Errepideak
EAEk errepide, trenbide nahiz hegazkin bidezko komunikazio eta garraio azpiegitura modernoa dauka; horri esker lotura erraz eta arinak ditu bai Estatuarekin bai Europarekin. Lisboa-Stockholm nazioarteko ardatzaren erdi-erdian dago, eta E-5, E-70 (A-8) eta E-80 (A-68) errepideen bidez komunikatzen da Europako gainerako herrialdeekin. 4.250 kilometro baino gehiagoz osaturiko autopista, autobide, bide bikoitzeko errepide, errepide nagusi eta eskualdeko errepide sarea du, hiri eta herrietara joateko sarbide moderno eta funtzionalekin. Errepide hauek nabarmentzen dira, bereziki: Bilbo-Behobia autopista (A8), Bilbo-Zaragoza autopista (A68), Kantauriko autobidea, Leitzarango autobidea eta N-1 errepidea. [eraman gora]
Trenbideak

EAEk RENFE bidezko lotura du Espainiako Estatuko hiriburu garrantzitsuenekin. Lisboa, Oporto, eta Paris nahiz Frantziako eta Europako hiri garrantzitsuenekin lotura zuzena dago trenez, egunero,, Irun-Hendaiatik abiatzen den Frantziako trenbidearen bidez. EAEko hiri eta udalerri garrantzitsuenek tren-geltokiak dauzkate. Bestalde, erkidegoaren barruan, FEVEren (Espainiako Bide Estuko Trenbideak) sareak Kantauriko itsasertzarekin lotzen gaitu, eta Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen EuskoTrenek, berriz, EAEko hiri garrantzitsuenetako aldirietako eta inguruko herrietako tren-zerbitzua ematen du.
EAEko trenbide-azpiegiturak 600 kilometro inguru dauzka. Horrekin batera, Bilboko metroa daukagu. Hauxe da munduko metrorik modernoenetakoa. Metroari esker, Bilboko metropoli-areako bidaiariak modu erraz eta arinean ibili daitezke batetik bestera, kalitate maila handiarekin.
Gaur egun, inoizko trenbide-proiekturik handienean murgilduta dago EAE: euskal “Y” delakoan, hain zuzen ere. Abiadura handiko tren-zerbitzu horrek ordu erdi eskasean lotuko ditu EAEko hiriburuak, azken belaunaldiko trenak erabiliz, eta nazioarteko bide luzeko lineekin bat egingo du: Frantziako TGVrekin Irunen, esate baterako. Horri esker, EAEko bidaiariak bost ordu inguru beharko dituzte Parisera iristeko, eta handik azkar batean iritsiko dira Europako hiri nagusietara. [eraman gora]
Itsas Portuak
Bilboko eta Pasaiako portuak dira gure herriko merkataritza arloko bi portu garrantzitsuenak, zalantzarik gabe. Portu hauetako instalazioetan produktu asko eta asko sartzen eta ateratzen dira egunero: petrolio-produktuak, merkantzia orokorrak, ibilgailuak eta burdingintzako ondasunak, XXI. mendeari aurre egiteko, aldaketa sakonak izan dituzte bi portuek, kudeaketa nahiz itxura aldetik. Bilboko eta Pasaiako portuetan egiten dira Estatu-mailako esportazio eta inportazio jarduerarik gehien:, urtean 44 milioi tona inguruko trafikoa daukate bien artean. Bilboko portuak munduan zehar dabiltzan ontzirik handienak hartu ditzake petrolio-ontzientzat duen terminalean (32 metroko sarkura artekoa). Edukiontziak garraiatzen dituzten ontzien kasuan, 21 metro arteko sarkura dute terminalek eta merkantzia orokorrarentzat 14 metrora arteko kaiak daude. Portuko Agintaritzak, azken 15 urteetan eginiko handitze-lanei esker, 3.390.000 m2-ko kaia eskaintzen du eta atrakatzeko 17.000 metro lineal. Bilboko portuko itsas sektoreak 300 destino baino gehiago eskaintzen ditu Bilbotik abiatuta, edukiontzitan garraiatutako merkantzietarako eta karga arruntetarako, eta era guztietako logistika-zerbitzu osagarriak ematen ditu. Lurretik, berriz, merkantziak Iberiar penintsulako hiri askotaraino eraman daitezke tren bidez, eta errepidea erabili nahi izanez gero, azkenik, autobidea portutik bertatik abiatzen da (www.uniportbilbao.es). Bilbokoaz gain, neurri desberdinetako beste hamazazpi portu txikiago dauzkagu: itsas garraioko portuak, arrantzakoak nahiz kirol-portuak. Portu horietako gehienetan instalazioak handitzeko lanak egin dira, atrakatzeko kaiak handitu dira… merkataritzako nahiz aisialdiko beharrei erantzuteko.[eraman gora]
Aireportuak
EAEn Estatu osoko aireportu-azpiegiturarik zabalenetakoa daukagu. Hiru hiriburuetan daude aireportuak: Loiukoa Bilbon, Forondakoa Gasteizen eta Hondarribikoa Donostian. Bakoitza arlo batean espezializatu da eta elkar osatzen dute hiruek. Instalazio horietan 4.417.678 bidaiari eta 82.997 hegazkin ibili ziren 2006an. Hiru aireportuotan linea hauek jarduten dute normalean: Aer Lingus, Air Berlin, Air Europa, Air France, Alitalia, Brussels Airlines, Clickair, EasyJet, Iberia, Lufthansa, Portugalia Airlines, Spanair, Happag Lloyd Express eta Vueling Airlines. Aire bidezko trafikoa etengabe handitu da azken urteotan, eta etorkizunera egokituz joateko, aireportuak handitzeko eta hobetzeko inbertsio-programa garrantzitsua garatu da. Bilbo-Loiuko aireportuak nazioarteko maila du. Kantauriar itsasertzeko bidaiarien garraiorako aireportu garrantzitsuena da, eta Santiago Calatrava arkitekto ezagunak diseinatu zuen terminal berria. Gasteizko aireportuak “lehenengo maila berezia” kategoria du eta ondasun galkorren Europako bigarren terminal onena da, Frankfurtekoaren atzetik. Era berean, DHL konpainiak, Iberiar penintsulatik eta Afrika iparraldetik datozen aire-kargak bateratzeko gune gisa erabiltzen du Gasteizko aireportua. 2006. urtean 30.300 Tm-ko bolumena lortu zuen.[eraman gora]
|
Logistika-zentroak
EAEtik 400.000 tona merkantzia inguru garraiatzen dira egunero: %67 errepidez, %30 itsasoz eta gainerakoak hegazkinez eta trenez. Gure kokapen estrategikoaren eta ekonomiaren industrializazio-mailaren ondorioz, trafiko gehientsuen duen guneetako bat da EAE. Merkantziak garraiatu eta banatzeko zentroetan Estatu-mailako eta nazioarteko merkaturatze-kate logistikorako jarduerak biltzen dira. Gasteizko Garraio Zentroa (CTV), Zaisa eta Aparcabisa dira hiru zentro intermodalak, eta hirurak ere garraiorako gune garrantzitsuen ondoan (autopista, trenbide, aireportu eta portuen ondoan) daude. Hiru zentro horietatik banaketaren kudeaketa integratua eta biltegiratzearen administrazio bikaina egiten da. Bertako instalazio modernoetan, zamak biltegiratu, zatikatu eta trinkotzeko prestazioak daude; barne-koordinazioa eta truke intermodala egin daiteke bertan eta zamak jaso, banatu eta haiei buruzko informazioa zehazteko zentroa dira, halaber. 2006az geroztik ARASUR plataforma logistikoa gehitu zaio hirukoteari. Plataforma hori Rivabellosan (Araba) dago, Miranda de Ebroko errepideko gurutzagunearen ondoan, A-68 eta A-1 errepideek eta Madril-Bilbo trenbideak bat egiten duten lekuan. EAEko lau zentro horiek Europako Garraio Plataformen Taldea (“Europlatforms”) osatzen dute, Espainiako, Italiako eta Frantziako beste zentro batzuekin batera. Zentro logistiko horiez gain, Gasteizko aireportua daukagu.Zama-lanetarako eta produktu galkorrak biltegiratzeko instalazio bikainak dauzka, merkantziak garraiatzeko eta banatzeko baldintza zein hobeak eskainiz. Horri esker, Europa, Afrika, Amerika eta Asia arteko merkantzia-trukerako ezinbesteko lotunea bihurtu da EAE.
Bestalde, Aquitaine-Euskadi plataforma logistikoa (PLAE) azpimarratu behar dugu. Bi erregiootako logistika-sarea bultzatzeko sortu zen plataforma, mendeetan zehar Europarako berezko igarobidea osatu baitute biek ere. Horrekin batera, proiektuak landuko dituzte batera zenbait arlotan: ikerkuntzan, teknologian, turismoan eta Europako gaur egungo ingurune sozio-ekonomikoan asko indartzen ari diren beste sektore batzuetan, aeronautikan, adibidez. PLAE 2004an sortu zen, eta EAEko eta Akitaniako logistika eta garraio sektoreekin lotura zuzena duten 15 enpresa biltzen ditu. Jorratuko dituzten ekintzen artean, Atlantikoko trenbide-autopista nabarmentzen da. Egitasmo horren bidez, kamioien garraioa murriztu nahi da, tren bereziak erabiliz horretarako. Horrela, Irun eta Biriatu arteko errepide-sarearen saturazioa arinduko litzateke, egunero-egunero 10.000 ibilgailu astun igarotzen baitira hortik. Era berean, abiadura handiko euskal “Y” izeneko sarea bultzatzeko konpromisoa dauka PLAEk. Lehenbiziko lineak Tours-ekin eta Orléans-ekin lotuko ditu Gasteiz. Dena den, asmorik handiena itsas autopistak edo Short Sea Shipping (SSS) direlakoak suspertzea da. Trenarekin bezala, SSSrekin ere EAEren eta Akitaniaren arteko mugako igarobideak arindu nahi dira, errepideko eta itsasoko garraioak uztartuz horretarako. Oraindik ikertzen ari dira proiektu estrategiko hori, baina Bilbo eta Dunkerque lotuko lituzke itsasoz.
PLAEk berebiziko garrantzia du iraunkortasunean oinarritutako garraio egokia lortzeko estrategiak prestatzeko garaian, Bilboko eta Pasaiako portuek —EAEko aldean— eta Baionakoak eta Bordelekoak —Akitaniako aldean— duten presentzia aktiboan ikusten denez. Era berean, EAEko lau zentro intermodalek (Zaisa, Aparcabisa, CTV eta Arasur), Akitaniako bostek (Bordele-Freteko garraio-zentroa, Irun-Hendaia trenbide-sarea eta Bordeleko, Hourcadoko eta Baiona-Mugerreko geltoki intermodalak) ere egitasmoan parte hartzen dute. Azkenik, Uniport Bilbao eta Bilboko eta Gasteizko aireportuak sustatzeko sozietateak (Bilbaoair eta VIA, hurrenez hurren) dira kide berriak hartzeko prest dagoen plataforma honetako azken kideak.
[eraman gora]
Industria-azpiegitura
EAEko ekonomiak hazkunde bizia izan du azken bost urteetan. Hazkunde horrek Espainiako eta Europako batez bestekoa gainditu ditu eta, ondorioz, lanpostu eta enpresa berri ugari sortu dira. Garapen potentzial horri erantzuteko, enpresak bertan finkatzeko aukera eskaintza zabala du EAEk. Industria-lurren eskaintza zabala daukagu EAEko eremu estrategikoetan, era guztietako enpresak finkatzeko bertan, eta Sprilurrek (Lurzoru Eraikuntza Industriaren Sustapenerako Sozietatea), Industria Lurrak programaren bidez, industria-lurrak erosteko baldintza ekonomiko onak eskaintzen ditu eta kudeaketa-lanak errazten ditu. Eskualde gehienetan dauzkagu industria-multzo txikiez osatutako industrialdeak. Era guztietako enpresak hartzen dituzte industrialde horiek eta beharrezko zerbitzu guztiak ematen dituzte ber-bertan.[eraman gora]
|