Gestamp-ek, Fersint-ek eta Cromoduro-k AICen kokatuko dituzte beren I+G+g-ko unitateak
  • 2008年1月4日

Dagoeneko I+G+g-ko 9 unitatek, 7 garapen-unitatek eta 2 prestakuntza-zentrok AICen (Automotive Intelligence Center) kokatzea erabaki dute. Lantegi horietan prestakuntza handiko 250tik gora lagunek egiten dute lan.

AIC azkar-azkar hedatzen ari da automozio-sektorerako balioa sortzeko prozesuan. 2006ko urrian ofizialki eratu zenetik, martxan jarri ditu bere bazkideei eta automozio-sektoreko enpresa guztiei kalitate handiko zerbitzua emateko azpiegiturak.

Hala, Zornotzako (Boroa) bi garapen-unitate eraikitzen hasi ziren ekainean, eta aurtengo maiatzean entregatuko dituzte. Eraikin nagusia eraikitzen hasi ziren abuztuan. 16.000 m2-tik gora izango duten instalazio horietan I+G+g-ko unitateak, laborategi komuna, enpresen sehaska, prestakuntzarako ikasgela garbi/zikinak, unibertsitateko gelak eta ingeniaritza-arloak kokatuko dira. 2008ko abendurako amaituko dira eraikuntza-lanak.

Bestalde, Inés Anitua AICeko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, proiektuaren lehen fasea Areitio gainean (Ermua) bost garapen-unitate eraikitzeko deituko den lehiaketarekin amaituko da. Unitate horiek 2008 amaieran entregatuko dira. José Luis Bilbao diputatu nagusiak, berriz, Patronatuak onartutako proiektu berriak azpimarratu zituen. Fundaziora gerturatzen ari diren proiektu horien artean hauek daude, besteak beste: Gestamp eta Cromoduro taldeen I+G+g-ko unitateak; Lea Artibai ekimena; zenbait premia berri, CIE Automotive-ren laborategi-zona eta Fersint-en I+G+g-ko unitatea, esaterako.

Bilbaoren hitzetan, “azken batean, I+G+g-ko 9 unitate, 7 garapen-unitate eta 2 prestakuntza-zentro dauzkagu dagoeneko, eta aukeratutako zonetan kokatuko diren proiektu berriak gehituz doaz etengabe”.

Era berean, AICek aukeratutako kudeaketa-eredua berritzailea zela azpimarratu zuen Bilbaok, “industria bera delako, ACICAEren (EAEko Automozioko Osagaien Industrien Clusterra) bidez, zentroa zuzentzen duena, eta enpresetako bertako langileak dira bertako jarduera asko eta asko egiten dituztenak”.
Automozio-sektorerako balioa sortzen duen zentro honek ez du parekorik Europan. Merkatuan buru-belarri dabiltzan eta lankidetzarako prest dauden prestakuntza handiko pertsonen arteko koordinazioari zor zaio AICen arrakasta. Automozio-sektorearen lehiakortasuna jakintzaren, ikerkuntzaren eta enpresen arteko elkarlanaren bidez hobetu dezaketen industria, teknologia eta prestakuntza alorreko jarduerak jorratzen ditu AICek. Hauek dira AICen helburuak, besteak beste: automozio-sektorearekin zerikusia duten ikerketak (oinarrizkoak eta aplikatuak) bultzatzea; automozioari buruzko prestakuntza bultzatzea, lanbide-maila guztietan; balio erantsi handiko enpresa-proiektu berrien sorkuntza endogenoa bultzatzea, sektorean; eta proiektu berritzaileak erakartzea. Bizkaiko Foru Aldundiak, Zornotzako eta Ermuko udalek eta automozio-sektoreko punta-puntako zenbait enpresen artean eratutako fundazio batean oinarrituta dago AIC, eta ACICAE - EAEko Automozio Clusterra da denen gidaria .

Informazio gehiago jasotzeko, hona idatzi: coyunturaindustrial@spri.es

Iturria:
ACICAE

By ocoyuntura @ 17:05 :: 358 Views