EAEko hornigai elektrikoen fabrikatzailerik garrantzitsuena da Ormazabal eta kanpo-merkatuen alde egindako apustuari eusten dio. Bere salmenta-kopuruaren %40 inguru hartzen du merkatu horrek, eta enpresako langileen %25ek enpresak Alemanian, Argentinan, Brasilen, Frantzian, Polonian, Portugalen, Txinan eta Turkian dituen fabriketan nahiz 50 herrialdetan banatutako merkataritza-sarean egiten dute lan. Enpresak esperientzia luzea bildu du nazioartera zabaltzeko prozesuan, 1990eko hamarkadan horretan hasi zenez geroztik. Horren lekuko dira Txinako eta Argentinako merkatuetan berriki ospatutako urteurrenak.
Joan den martxoan, hamabost urte bete zituen Ormazabalek Txinan. Urte horietan etengabe hazi da enpresa, Txinako merkatu lehiakorrean oso kokapen egokia lortu arte. Ormazabalek Beijingen eta Zhuhain dituen bi fabriketan izandako fakturazioa 30 milioi eurotik gorakoa izan da. Bi fabrika horiek Txina iparraldean eta hegoaldean daude, hurrenez hurren, eta 170tik gora langile dituzte, hots, Ormazabalek munduko industria-erregio nagusietan dituen langile guztien %11.
Ormazabal 1994an hasi zen Txinan lanean, Zhuhai eta Beijing probintzietan hain zuzen, eta banaketa-gelaxkak, transformagailuak eta bestelako hornigaiak ekoizten hasi zen.
Orain daukan kokapen egokitik abiatuta, Txinako beharrei begira jarriko da Ormazabal, eta hornitzaile-sare bat eratzeari ekingo dio. Garapen-eredu berri horri esker, zerbitzu hobea emango du eta produktu berezi berriak garatuko ditu, erdi-tentsioko espezialista gisa duen esperientzia oinarritzat hartuta.
Txinako hamabosgarren urteurrena betetzearekin batera, nazioarteko beste urteurren bat ospatu du Ormazabalek, Argentinan finkatu zenetik hamar urte bete berri baitira. Martxoaren 11n Burzacoko industrialdean (Buenos Aires probintzian) instalazio berriak zabaldu zituen enpresak, Ormazabalek Argentinan duen kokapena sendotuz. Argentina osoko konpainia eta kooperatiba elektriko garrantzitsuenetako 250 lagun baino gehiago elkartu ziren Ormazabalen fabrika berrian, instalazioen irekiera eta hamargarren urteurrena ospatzeko.
Gonbidatuek azpiegitura berriaren 5.000 m2 ikusteko aukera izan zuten fabrikara egindako bisitan. Fabrikak bi esparru dauzka: esparru estalia (250 m2-ko eraikin bat bulegoetarako eta 500 m2-ko biltegi bat) eta esparru irekia (4.250 m2 aire zabalean, enpresaren izakinen erakusleku gisa). Azken esparru horretan Ormazabalen erdi-tentsioko produktuak daude ikusgai: bi miniBLOK, bi miniSUB eta PFU-5 bat, esate baterako.
Fabrika berri horrekin, Ormazabalek Argentinan zeukan jarduera sendotuko da. Sortu zenetik bertatik erreferentziazko kokapena izan du enpresak bere merkatuan; izan ere, bere berezko teknologiari esker, elektrizitate-enpresa nagusientzako hornigaiak pertsonalizatu eta bezeroei zerbitzu ezin hobea eskaintzen die Ormazabalek.
Erdi-tentsioaren esparruan elektrizitate-banaketako enpresa nagusia bihurtzea da enpresak datorren urteotan Argentinan lortu nahi dituen helburuetako bat. Bezeroen beharrak ezagutzen dituen eta haien eskariei berehala eta profesionaltasunez erantzuten dien lan-taldea dauka, horretarako.
Lan-talde horren barruan zabaldu berri diren instalazioetako I+G+b-ko unitatea nabarmentzen da. Unitate horren bidez, behar eta ezaugarri berezietara egokitutako hornigaiak ematen ditu Ormazabal Argentinak, etengabe berritzen den prozesua garatzearekin batera. Argentinan lortutako kokapenari esker, Iberoamerikan ezartzeko prozesua sendotzea lortu du.
Erdi-tentsioko argindarra banatzeko sareetarako hornigai eta zerbitzuen hornitzaile handienetakoa da Ormazabal. 1.500dik gora langile ditu, eta 500 milioi euro baino gehiago saltzen du urtean.
Bost kontinenteetan
Ormazabalek hornigai elektrikoak fabrikatzen eta instalatzen egiten du lan gehienbat: transformazio-zentroak eta lehen eta bigarren mailako banaketa-gelaxkak, adibidez. Produktu horiek guztiak erdi-tentsioko argindarra banatzeko sareari dagozkio.
Enpresa honek Alemanian, Argentinan, Brasilen, Espainian, Frantzian, Polonian, Portugalen, Txinan eta Turkian dauzka fabrikak, eta 50 herrialdetan jarduten du banatzaileen eta eskumendekoen bidez. Ormazabal 1990eko hamarkadan hasi zen nazioartean hedatzen. Gaur egun Ormazabal Taldearen fakturazioaren %40 eta langileen %25 osatzen du kanpo-negozioak.
Zamudioko teknologia-parkean duen egoitza zentralaz eta Zornotzan berriki irekitako ikerketa- eta teknologia-zentroaz gain, Igorren, Loeches-en (Madril), Seseñan (Toledo) eta Humilladeron (Malagan) dauzka fabrikak Ormazabalek. Espainiako Estatutik kanpo, berriz, Krefeld-en (Alemania), Torcyn (Frantzia), Zhuhain eta Beijingen (Txina) ere instalazioak dauzka.
2004ko martxoan, Alemaniako Moeller enpresaren erdi-tentsioko Moeller Anlagentechnick GmbH eskumendekoa erosteko hitzarmena sinatu zuela jakinarazi zuen gure enpresak. Enpresa horrek 400 langile ditu, eta 70 milioi euroko fakturazioa.
Instalazio industrialez gain, banatzaile-sarea eta merkataritza-ordezkariak dauzka bost kontinenteetan: 30etik gora merkataritza-ordezkaritza, nazioarteko 35 banatzaile eta dozena bat merkataritza-helbide eta -bulego dauzka guztira.
Ormazabal 1967an sortu zen Bedian (Bizkaia). Hasierako enpresa hartatik sortu zen Ormazabal Taldea industria-konglomeratua. Telekomunikazioen eta segurtasunaren sektoreetan dihardu, besteak beste, eta 545 milioi eurotik gorako fakturazioa dauka. Guztira 2.000 langile baino gehiago ditu, horietako 900 Euskal Herriko lantegietan.
Jatorrizko enpresaz gain, beste enpresa hauek daude taldean: Cotradis (dielektriko likidoan murgildutako transformagailu elektrikoak fabrikatzen eta merkaturatzen ditu), Tecnichapa (informatikarako, aeronautikarako eta komunikazioetarako doitasun-galdaragintza eta galdaragintza fina azpikontratatzen ditu), Tecnoexpress (segurtasun fisikorako produktuak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu, kutxa gotorrak eta ate blindatuak, adibidez), Polsa (material berrietan espezializatua), Knock Telecom (telekomunikazioak), Ribate (ingeniaritza eta aholkularitza) eta Barik (telekomunikazio-operadoreentzako zerbitzu eta soluzioak).
Informazio gehiago jasotzeko, hona idatzi: basquenews@spri.es
Iturria: Energia Klusterra
By Basquenews @ 15:23 :: 197 Views